01.08.2008
Nola desagertua da gure laguna
Jean-Louis “Popo” Larre (Heleta, Nafarroa Beherea, 1962ko apirilaren 6a - Leon, Landak, Frantzia 1983ko abuztuaren 7an desagertua) Iparretarrak erakundeko militantea izan zen. 1983ko abuztuaren 7an Landetako Leon herrian Frantziako poliziarekin izandako tiroketa baten ostean desagertu eta inoiz ez da haren berri gehiago izan. Bere lagun eta burkideek uste dute poliziak atxilotu eta hil ondoren desagertarazi egin zutela.
1983ko abenduaren lehen egunetan Iparretarrak erakundeak hainbat ekintza burutu zituen turismo egituraren aurka. Horien harira Poliziak atxiloketa batzuk egin zituen. Abuztuaren 5ean, Jean Paul Hiribarren 23 urteko itsasuarra atxilotu zuten Baionako ZUP auzoko aparkalekuan beste lagun batekin zegoenean. Hiribarren armatuta zegoen, eta bere ondasunen artean Landetako Leongo akanpaleku bateko txartel bat topatu zioten.
Jendarmeak bertara joan ziren hurrengo egunean. Kanpineko gerentearekin izan ziren baina ezer gabe bueltatu ziren, IKko kide batzuk bertan zeudela ohartu gabe. Abuztuaren 7an, ordea, kanpineko arduradunak abisua eman zien jendarmeei, emandako xehetasunekin bat zetorren pertsona bat bertan zelako. Yves Guimmarra eta Pierre Plouzeau jendarmeak abiatu ziren kanpinera. Jendarmeek militanteen Renault 4L autoa kanpinetik irteten ikusi eta haien atzetik abiatu ziren errefortzuak eskatzen zuten bitartean. Baina militanteen autoak buelta eman eta atzera etorritako bidetik jo zuen. Poliziak haien atzetik jarraitu zuten kanpineko ate nagusira iritsi artean. Bertan militanteen autoa blokatuta gelditu zen auto ilaran. Jendarmeak bertara iristerakoan armak eskuan autotik irten eta militanteengana jo zuten. Ondoko tiroketan Yves Guimmarra hil eta Pierre Plouzeau arin zaurituta gelditu ziren.
Filipe Bidartek horrela azaldu du gertatutakoa: “Tiroketa hasi baino lehen, dudazko memento bat izan zen, militanteak eta jendarmeak parean gertatu zirelarik. Dudazko memento hartan, Popok ihes egin zuen, konsigna zen bezala. Landetako oihanean barna sartu zen. Gero, jendarmeek tiroketa hasi zuten eta militanteek ihardetsi zuten. Baina arte horretan, Popo desagertu zen. Tiroketaren ondotik, jendarmeei armak kendu ondoan, militanteek ihes egin zuten. Orduan ziren ohartu Popo ez zela han. Entseatu ziren aurkitzen, baina ez zuten atzeman, beraz beren bidetik segitu zuten, ez baitzuten han gelditu behar”
18:12 Lien permanent | Envoyer cette note












