03.08.2008
Carbon-Blanc-eko hobia
Eneko Bidegainen liburutik hartua :
…Leongo tiroketa baino egun batzuk berantago, agorrilaren 27an, jandarmeek gorpu bat atxeman zuten Porgeko hondartzan, leongo akanpalekutik ez sobera urrun. Lau egun lehenago Carbon-Blanc-eko (Gironde, Frantzia) familia bateko 15 urteko semea, Pascal Dumont, etxetik ihes joan zen. «Poliziak gorpu hura seme harentzat pasarazi nahi zuen baitezpada », dio Filipe Bidartek. Amak ez zuen gorpu hartan bere semea ezagutu eta beti jarraitu zuen salatuz bere semearena ez zen gorpu bat ehortzi zutela semearen izena zekarren hilobian. 2000ko martxoan iragan zen Leongoko aferaren auzi hartan ree bere postura berretsi zuen . « Gure semeak hamabost urte zituen. Gorpu hori mutiko helduago batena zen». Halaber, gorpu hark lau egun baino gehiago zeramatzan hilik, amaren arabera. Begiak falta omen zituen eta gorputzeko beste zati anitz arras andeatuak omen zituen.
Haien semea bizi delako susmoak indartu zitaizkien. 1985ean haren telefono dei bat jaso omen zuten. 1988an, aldizkari pornografiko batean haren semearen argazkia ikusi omen zuten.
« Guk, istorio hori jakin genuelarik, lotura egin genuen Poporekin », dio Bidartek. «Berehala sartu ginuen harremanetan familia harekin. Bereziki bitxi atxematen zuten jendarmeen egiteko manera. Familiari berria ekartzea, berria aintzin, kasu ematen dute familia sobera kolpatu gabe. Baina hor, kasu horretan ez ziren batere hola jokatu, arrunt basaki ari izan ziren, erranez baietz, dudarik gabe, haien semea zela, eta gurasoek ezetz ziotenean, oraino bortizkiago, atsulutuki gorpu hori sakatu nahian. Hori arrunt susmagarria zen. Jokatzeko molde horrek duda gehiago piztu zigun. Orduz geroztik hasi ginen pentsatzen gorpu hori Poporena izaten ahal zela, jandarmeek Popo itsasora bota zutela eta gorpu hura berritz agertu zelarik, zerbait gisaz desagerrarazi nahi izan zutela, familia haren semetzat pasaraziz».
Dena den, inoiz ez zuten lortu Pascal Dumonten hilobian zegoen gorpuaren DNA azterketa eginaraztea. «Prokuradoreak etabar ez zuten azterketarik nahi, baitezpada nahi baitzuten familia haren semetzat pasarazi. Betidanik segitu dugu gure ikerketa, eta gaur egun ere entseatzen gara jakitera, ea gorpu hura ez den Poporena .»
Ezezagun batzuek Pascal Dumonten hilobia ireki zuten, 2003ko abendu hasieran Carbon-Blanc herriko hilerrian. Handik landa, Bordeleko auzitegiak hilobia hartako gorpuaren DNA azterketa eskatu zuen. 2004ko apiril hasieran eman zituzten jakitera azterketa haren emaitzak. Azterketa haren arabera, gorpu hura Pascal Dumontena zen. Baina beste zientifiko batzuen arabera, ezinezkoa da hain ezur zaharretatik DNAa argi ateratzea.
Hilobi hartatik oineko ezur bat falta zen. Hala ere, Gwénaëlle Ledoigt Bordeleko prokuradore ordeak erran zuen ez zela ezurrik falta. «IKko militanteek zuten hilobi hura ideki, handik ezur batzuen hartzeko eta DNA azterketa egiteko», azaldu du militante batek. «Prokuradoreak zergatik erraten du deus ez zela desagertu ? Zerbait gorde nahi zuen.»
IKko kide haiek orkatilako ezurra hartu zuten. Bi laborategitara eraman zuten ezur zati bana. «Zinez fidagarriak eta konfiantziazkoak ziren». Azterketak egin zituzten, beraz. Denboraren buruan hartuak izan ziren ezur haiek sobera hezeak ziren DNAa argi eta garbi ateratzeko. «Horrek afera konplikatzen du. Azterketak aintzina segitzeko, beste nonbaiteko beste zati hartu behar lirateke. Pena da, orduan egina izan zen ekintza hartan ez baitzen aski elementurik hartuak izan.»
Hilobitik ezurra hartu zuten militanteek «ekintzaren etika» azpimarratu dute. «Hor gaude egia jakiteko. Inoiz ez dugu amore emanen, egia jakin arte. Egia atxeman behar dugu, Popori begira, familiairi eta Euskal Herria guztiari begira. Gure bete beharra da. Galdera beti hor da : Nun da Popo ?»
18:15 Lien permanent | Envoyer cette note












